Etzaulkia batu eta ordenagailua hartu dut segituan. Mahaian eseri naizenerako esnatu dira ahizpa eta ama. Igerilekura joateko konbentzitu naute ordenagailuak pizteko behar izan duen minutu erdian. «Ba gabien lan ein bikot», esan diet. «Hori ikusteko dau, kartetan jokatu bikou lelengo», esan du amak. Berehala itxi dut pantaila.
Orduan gertatu da, igerilekura joateko bainujantziak jantzi ditugunean: «Ez zai akordetan? Hemen goiko partie jantzi biher izeten da», esan digu amak. Zer da udara gatazka eremu bat ez bada. Elkarri begira geratu gara hirurok karabana parean. «Ba guk ez dou ekarri» esan dut bion izenean. «Nik be ez dauket ganorazkorik», esan du amak. Nerabeak gineneko bikiniekin betetako poltsa bat atera du, azkenean, armairu batetik. «Beitu aber baten batek balixo dotzuen».
Buzeoko betaurrekoak jantzita egin dut igerilekura arteko bidea. Ezkerrean, bularreko ebakuntzaren orbainagatik bularretakorik erabiltzen ez duen gure ama. Eskuinean, bikiniak aspaldi baztertu zituen ahizpa. Bularrak tapatuta hirurok. «Hurrenguen errekara fango gare», esan du amak.