Kanpora, oraingoz n letraz. Horixe idatzi dute Iruñeko markesina batean, euskaraz, alderik alde, Chrysallis Euskal Herriaren kanpainako afixa baten gainean, zeinean bulbadun mutikoak eta zakildun neskak egon badaudela gogoratzen baitzaigu. Ezabatzaileak bulba eta zakil hitzak ere ezabatu ditu, ustez okerreko tokian, okerreko gorputzetan ikusarazteagatik. Ez da izan egon den pintaketa bakarra. Beste batek ume transgeneroen arazoa gutxiagotu nahi izan du, apeta balitz moduan («nire semeak bere sexuak erabakitzen du, baina Superman izan nahi du»). Beste batek zinta batekin «prezintatu» du kartela, eta folio batean paratu: «Oilaskoek ezkatak dituzte, eta sardinek, hegalak». Intolerantzia beraren adierazgarriak dira, beldur beraren lekukoak. Iruñean hazitako bat ez da gehiegi harrituko. Gogora ekarriko dizkio, orain bizpahiru urteko The Hole kabaretaren afixen aurkako erasoak, iritzi artikuluak eta irain kitatze mezak ia, titiburu eta jarrera sexy bat zela eta.
Berritasun bakarra euskararen erabilera hori da, pintaketa politiko antiabertzaletan (modu parodikoan edo) zertxobait ikusia baina testuinguru honetan berria. Berez, zantzu ona da, lerroartean ikusarazten duenagatik, aurrerapen sozialak euskaltzaleekin lotzen badituzte.
JIRA
Kanpora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu