Maialen Akizu.

Karla

2024ko apirilaren 2a
05:00
Entzun

Gustatzen zait Karla izena, eta uste dut nahiko Karla naizela. Esan nahi dut, Karla aurpegia dudala, Karlak egingo lukeena egiten dudala. Zortea izan dut. Ze badaude gustatzen ez zaizkidan izenak, eta Karla jarri zidaten modu berberean jar ziezazkidaketenak. Imajinatu jartzen zidatela Maialen. Ma-i-a-len. Italiara joan aldiro barre egingo lidakete italieraz maiale zerria delako. N baten alde legoke niregandik zerri batera. Italian ezin bizitzera kondenatuta nengoke. Edo imajinatu amonaren izen bera jartzeko kapritxoa sartzen zitzaiola nik ez dakit nori. Eusebia. Hasierako Maria kenduko lioketela pentsatzen dut, eta bukaerako a hori akaso, gure amona ofizialki bakarrik izan zelako Maria Eusebia, munduarentzat beti izan zen Euxebi. Maria Eusebia eta AmonaEuxebi pertsona bera ziren. Nik egia da ez daukadala izen-mudatze horretarako aukerarik. Lagun batzuek Karli deitzen didate, eta izan nuen nobio bat Kar deitzen zidana. Momentuan ez nuen hain argi ikusten, baina gerora pentsatu dut horregatik utzi nuela harremana, nahiz eta «ez da zuregatik, niregatik da» esan berari. Kar, mesedez. Edo AmonaEuxebik esango lukeen bezala, mesedez eta faborez. Ni naiz Karla.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.