Luisa telefonoak noiz joko zain egoten zen. Agurtu eta itxaroteko eskatu dit, taka-taka utzi eta butakan eseri behar duela. Telefonotik ipuin bat kontatzen diot igandero hamabiak puntuan. Hilabete daramat katagorria protagonista duten ipuinak kontatzen. «Badakit beste animalia batzuk badaudela, baina niri katagorriak izugarri gustatu izan zaizkit umetatik». Eta nola ez eman segida horri. «Bazen behin katagorri gorri-gorri bat ezkur batekin gutiziatu zena». Luisak ipuina moztu dit. «Ezkur bat beharrean, posible al da pistatxo bat izatea? Ezkurrak makalak dira gero, pistatxoak bixi-bixiak, eta katagorriak jakingo du hainbeste». Berriz hasi naiz. «Bazen behin katagorri gorri-gorri bat pistatxo batekin gutiziatu eta munduarekin ahaztu zena». Luisa eta biok ere munduarekin ahazten gara ipuina entzun bitartean. Telefonoaren bestaldetik onespen eta ikusmin soinuak entzuten ditut, arnas-estuak eta barre txikiak. «Katagorria pistatxoa karraio eramateaz nekatu egin zen, ordea. Eta badakizu zer egin zuen? Perlazko koilare bat». «Ze ederra», esan du. Amaieran beti gustatzen zaio irudipenak partekatzea, bere ondorioak ateratzen ditu, oroitzapenen bat ekarri, eta eskerrak ematen dizkit bene-benetan.

Katagorria eta pistatxoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu