Gosaria prestatzen ari nintzela gertatu da: salto txiki bat egin dut armairuaren goiko aldean zegoen katilura iristeko. Lurrera erori da ukitu eta berehala. Arnasa sakon hartu eta adi-adi egon natzaio begira: ez da hain desastre handia izan. Ertzeko zatitxo bat hautsi zaio eta arrakalatxo bat sortu, katilu bat izaten jarraitzen du. Inportantea da ezbeharrei dagokien lekua bakarrik ematea; gehiegi ez esajeratzea.
Badakit hemendik egun batzuetara, eguerdian kozinatutako kalabaza purea iluntzean katilu horretara isuri eta mikrouhin labetik ateratzeko keinua egiten dudanean, hatz-mamiak erreko zaizkidala; eta gainera, barrukoa ez dela gustura jateko bezain bero egongo. Hori gertatzen da pitzatutako katiluekin: guztiz funtzionalak izateari uzten diote. Harraskan garbitu eta berriz gordetzea erabaki dut, hala ere. Lehen zegoen leku berean uztea. Interesgarriak iruditzen zaizkit objektuen orbainak: sinistuta nago onuragarria dela noizean behin norbere trakestasunari aurrez aurre begiratu eta irribarre egiten jakitea.