oihana arana

Katua

2026ko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken egunotan barruan pilatu den beroak ihes egin zezan, egongelako leihoa zabalik utzita joan ginen bart lotara. Spoiler: ez zen batere ideia ona izan. Jaiki naizenean, egongelako lurrean topatu dut leiho ertzeko singonio ederra. Ondoan, azazkal luzeekin harramazkatutako pareta zatia. «Katu bat sartu da», esan dut ozen. Ezagun zait izaki ezezagun bat etxean izatean sentitzen dudan estuasuna. Etxe honetan bai, baina ez da leihotik katu bat sartzen zaidan lehenengo aldia.

Kanpoko atea zabaltzera joan naiz segituan. Orduan ikusi dut: leihoaren bestaldetik hainbestetan ikusi dudan bizkar zuri eta buztan beltzeko katua. Zorionez, ihes egiteko zirrikitu bat ikusi orduko abiatu da korrika.

Atea danbatekoz itxi eta erratza hartu dut. Harlauzetan barreiatutako lurra eta mila zatitan apurtu den loreontzi ederra jaso ditut, lehenbizi. Trapu umel batekin garbitu ditut gero, katuak utzi dituen marka guztiak. Dena bere lekuan utzi arte ez dut lasai hartu arnasa. Ez dakit baden norbere etxean dena kontrolpean ez dagoela sentitzea baino sentsazio desatseginagorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA