Ez daukat zutaberako gairik. Oin biluziak asfalto beroaren gainean jarri ditut. Guztiz xarmatzen nau arboletako hostoek elkar ukitzean egiten duten soinuak. Badaramatzat minutu batzuk hemen, etxe aurreko eskaileran, adi entzuten. Orri zuria, boligrafoa eta iluntzeko freskura. Gutxi gehiago behar da zutabe bat zirriborratzen hasteko. Dena daukat, ideia baino ez zait falta.
Ezpainetan bermatu dut boligrafoa. Keinu batzuek lagundu egiten diote pentsamenduari. Egunak eman duena errepasatu dut apurka-apurka. «Beti pasetan da zerbaitt zutabegarrixe», esan diot behin eta berriz neure buruari. «Gaur ez daukazu ezer», diost paperak bueltan: «Gaur ez daukazu ezer». Arruntasunari buruz idazten dugula diogunok beldur handia diegu egun arruntegiei.
Boligrafoa harrika botatzeko puntuan nengoela gertatu da: «Ederki zaude hemen», esan dit katuarekin batera paseatzera irtendako bizilagunak. «Bai, ez gara kejauko!» esan diot. «Zuek zer? Pasiuen?». «Bai», esan dit aho txikiarekin, «bestela gauean ez gaitu bakean uzten».
Ez dakit zer den graziosoagoa: katua paseatzen duen bizilagun bat ala katua paseatzen duzulako zutabe bat idazten duen bizilagun bat.