Lagun bat identifikatu dute sanferminetan. Berrogeita hamar identifikatu baino gehiago dira. Bideo batean ikus daiteke Espainiako Poliziak espazio publikoan nola atxilotzen duen txuri-gorri bat, nola itotzen duten lau minutuz, ze biolentziaz, ze inpunitatez. Identifikatu duten lagunarekin egoten asmatu nahi dut, nolabait babestu, balioko dion zerbait eskaini. Eta, berriz ere, animalien mundura jo dut.
Bada bai, badago irtenbidea eman diezagukeen animalia bat: koala. Beti K letrarekin idazten den animalia loarekin, Australiarekin eta ulertzen ez genuen Opá, yo viaze un corra kantarekin lotzen da, baina ez nekien hilketa askotan izan denik susmagarri. Izan ere, forentse batek arazoak izaten ditu hiltzailea pertsona edo koala izan den jakiteko. Igualtsuak ditugu hatz-markak. Eurentzat ere identifikazio ikur dira, bakoitzak du berea, bere marra eta kurbadura, eta mikroskopioz begiratuta ere, apenas bereizten dira gizakiongandik.
Oraindik ez diot lagunari ezer kontatu. Ez dakit ondo nola egin beharko genukeen, baina identifikatzeko eskatzen digutenean koala bat eskura bagenu, librexeago ginateke.