oihana arana

Koartza itzaina

2026ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskuinera biratu dut betiko bidegurutzean. Hantxe zeuden gaur ere. Etxera natorren aldiro ikusten ditut. Behien eta zaldien bizkar gainetara igota. Moko horia eta luma zuriak dituzten txori batzuk dira, zurrunak, eleganteak. Autoa gelditu eta begira egoten natzaie apur batean.

Badira urte batzuk lore guztiei lore eta hegazti denei txori esateak min apur bat egiten didala. Horregatik galdetu nien pisukideei hegazti horren izenaren berri bizitzera etorri nintzen egunean bertan. Lertsunak zirela esan zidaten. Lertsunei koartza esan behar zaiela topatu nuen arratsalde hartan bertan gutxienez aurreko hamarkadan idatzitako blog batean. Koartza deitu diet ordutik.

Hegaldatu egin dira ostera ere motorra piztu dudanean. «Koartza izen orokorregixa dala uste dot», pentsatu dut nire artean. Etxera iritsi eta txoriak.eus ataria ireki dut ordenagailuan. Arrazoi nuen. Hamar koartza mota daude. Koartza itzaina da gure bizilaguna.

Euretako baten aurrean gelditu eta koartza itzaina dela jakiteak ez du gauza handirik aldatuko. Baina baretu egingo du bidean gurutzatzen ditudan kotxe guztien markak izendatzen jakiteak sortzen didan etsipen moduko hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.