Behin eta berriz esan dut «Kobazulo baten sartu eta desagertzeko gogue dauket apur bat, baina ondo nau» azken egunotan. «Demagun sartzen zarela», erantzun zidan atzo batek. Esaldi hori buruan neukala esnatu naiz gaur. Eta sartzea erabaki dut: ohean pasatu dut goiza.
Aspaldi da ez nuela hori egiteko aukerarik eta ongi etortzen da batzuetan. Burua mantapean sartu eta kanpoan mundurik ez balego lez egoteaz ari naiz, hedonismoaren eta autodestrukzioaren arteko muga lauso hori habitatzeaz. Jaikitzeko puntuan egon naizen aldiro, bertan jarraitzeko motibo batekin egin dut topo: beste kapitulu bat irakurtzea, lo apur bat gehiago egitea... Oheko berotasunetik ihes egiteak ematen zidan beldurra disimulatzeko aitzakiak denak.
Kezkatuta idatzi dit, azkenean, pisukideak hamaiketan. «Maitea, ondo?». «Ataskaute nau apur bat, baina ointxe noie», erantzun diot. «Egon lasai. Sukaldean nago ni. Bukatu dut esan zenidan liburua, zatozenean komentatuko dugu».
Etxeko arropak jantzi, sukaldera jaitsi eta: «Ze ondo dakitzun berba magikuek zeintzuk dien», esan diot. «Eidazu leku bat kalefaziñuen onduen». Ederra da maite dugun jendearekin bizitzea, lasaitu egiten nau kobazuloan ere norbait egon daitekeela jakiteak.