Amaren etxeko egongelako armairuan itsatsita geneukan argazki batekin akordatu naiz. Ahizpa eta biok agertzen ginen, ume. Bizikletan ibiltzeko kaskoa jantzita. Kobazulo baten barruan. Gerriraino lokaztuta. Zinta amerikanoarekin pegatuta linterna bana kaskoetan. Aldi baterako espeleologo bilakatzen gintuen performance horrek guztiak.
Askotan kontatzen zigun JL-k kobazulo barruetan argazki asko ateratzen zituztela, oso inportantea zela irudi horiek gordetzea. Eurek behin aurkikuntzatxo bat egin zutela eta poz-pozik atera zituztela argazki pila bat. Atera zirenean, kobazuloaren ahoa itxi egin omen zen. Eta haiek egindako irudiek ez zuten ezertarako balio izan, kamerari karretea jartzea ahaztu baitzitzaien.
Gizakiek egindako irudiak topatu omen dituzte Gamiz-Fikako Erlapiku leize ez-naturalean eta Lekeitioko Armintxe haitzulo urbanoan. Ez dakit umetako argazki horrekin akordatu naizelako edo, baina albistea irakurri bezain pronto, ilusio handiz bidali diot mezua JL-ri. Oso aurkikuntza garrantzitsua eta bitxia dela esan dit.
Aspaldi utzi nion argazkiak inprimatu eta etxeko paretetan itsasteari. Ohitura berreskuratuko dudala uste dut.