Begiak irakurtzen ari naizen eleberrian iltzatuta nituela gertatu da: kolpe ozen bat. Normalean ez da gehiago behar mundura itzultzeko. Sukaldeko leihora luzatu dut begirada. «Ai ama!», atera zait bat-batean. Esku biak paparraren gainera joan zaizkit, inertzia hutsez. Korrika etorri da pisukidea nire oihuagatik asaldatuta. «Txori bat izen da», esan diot. Kanpora abiatu gara, etxeko zapatiletan bera, presaren presaz oinutsik ni. Leiho azpiko lur zatian topatu ez dugunean, «hegaxien fan dala pentzau jat» esan dut. «Susto bat izango zen, laster kantatuko du berriro», esan dit, eta ezker soinburuaren gainean jarri dit eskuin eskua. Ostera ere itzuli gara bakoitza bere zereginetara. Pol Guaschen Reliquia ari naiz irakurtzen. Kolpe bat bestearen atzetik. Liburua itxi dut eta leihoa zabaldu, badaezpada ere. «Buelta bat emutera noie», oihukatu dut goiko solairutik entzun nazaten. Txoriarena metafora ihartu bat dela pentsatuko duzue, baina benetan gertatzen diren gauzek metafora izateari uzten diote. Eta kolpeak ez dira edozer gauza.
Kolpea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu