oihana arana

Komoda

2026ko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Komoda bat erosi dut. Badakit ez dela oso inportantea eta, beraz, ez zaiola inori gehiegi inporta. Inork ez luke egunkari batean aipatuko: «Tipa batek komoda bat erosi du bere logelan jartzeko», imajinatzen duzue? Beno, gertatzen ari da.

Komoda bat erosi dut eta inportantea da. Inportanteak dira alokairuan bizi garenok jabeak une oro berea dela gogorarazten digun etxea geuretzeko sortzen ditugun erritualak. Hemen gaudela sinesteko, behin-behinekotasuna ahazteko baliabideak izateko, «gure etxera noa» ahoskatu ahal izateko.

Komoda bat erosi dut, egur iluneko komoda bat. Mikrofibrazko traputxo bat eta Pronto. Ez dago egurra edertzeko metodo hoberik. Barruko arropak sartu ditut lehen kaxoian. Lore zintzilikariak ipini dizkiot gainean. Poema txar bat zeukan paper zati batekin berdindu diot herrena.

Komoda bat erosi dut, bigarren eskuko komoda bat. Ez dakit zein etxetan egon den lehenago. Eleganteagoa seguru, ederragoa ez.

Komoda bat erosi dut eta hari begira nago. Espero dut berak ez duela hainbeste berba egingo niri buruz.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA