Autoa aparkatu eta konpostagailu parean topatu dut pisukidea aitzurrarekin jardunean. «Zetan zabitz?», atera zait barru-barrutik. Nazka aurpegiz begiratzen diot normalean inoiz hustuko genuenik uste ez nuen eta beti arratoiz beteta irudikatzen dudan pote berdeari. Zaborraren ardura dudanean baino ez naiz gerturatzen; hilean astebetez baino ez da izaten. «Baratzea egiteko ongi etorriko zaigu», esan dit. Jertsea kendu, amantala jantzi eta haren aldamenera itzuli naiz beste aitzur handiago batekin. «Zeinek esango lotzuke!», esan diot neure buruari ahapeka.
Han topatu ditut azken bost urteetako janari hondarrak lur bihurtuta. Kiwien eta mandarinen pegatinak, muskuiluen maskorrak, zizareak eta bitxobolak. «Itxura ona dauka», esan dit. Ez dut erantzuten jakin. Burua mugitu dut azkenean, nire gorputzak baietz erantzun gurako balu bezala.
Uste dut hau dela nire gaur egungo bizitzari buruz gehien gustatzen zaidana: kontatu izan balidate, ez nukeela sinetsiko. Baina hemen nago duela ordu erdi urrunetik begiratu ere egin nahi ez nuen ontzian eskuak sartuta ia.