Umetan lokartu aurretik kontu zaharrak kontatzeko eskatzen genion aitari. Haren gaztaroko eta haurtzaroko istorio barregarriak izaten ziren kontu zaharrak: bihurrikeriak, anekdotak, txisteak… Kontakizunak hasteko paisaiaren aldaketak aipatzen zituen beti: ohikoak ziren «oin parking hori dauen lekue zelaixe zan lehen»; «amaman etxe atzeko plazoletie badakitzue zein dan, ezta? Ba lehen baso bat euen han» eta antzeko esaldiak.
Urdaibaira irteera egin genuen pisukideok orain dela hilabete edo, asteburu osoan zehar ibili ginen hara eta hona; bertakoa den pisukideak bere haurtzaroko paisaiak erakuts ziezazkigun. Laidako hondartzara heldu eta segituan esan zigun: «Hor parean egin nahi dute museoa». Aitaren berbekin akordatu nintzen; isilik egon nintzen apur batean.
Espero ez nuen momentuan iritsi da berri ona. Hemendik urte batzuetara inguruko haurrek kontu zaharrak kontatzeko eskatzen digutenean ez dugu «ikusten dozu sarraski hori? Ba Euskal Herriko txoko ederrenetako bat zan gu gaztiek ginenien» esan beharko.