Burokraziak hala nahita etorri naiz gaur goizean Donostiara. Eginbeharrak espero baino goizago amaitu eta banoa, Askatasunaren hiribidean barna eguzkitako betaurrekoen atzean ezkutatuta.
Gero eta arrotzagoa zait hiria. Fikziozkoa ia. Guardasol laranjen azpian doaz gida irribarretsuak. Besoak luze-luze jarrita kapturatzen dituzte turistek gure bizitza gertarazi duten txoko guztiak. Jada inork ez dio eskaintzen marmeladazko begiradarik itsasoari. Nik ere ez.
Paisaiatik aldentzen nau giroak. Neure baitara biltzen. Inguruan gertatzen denari adi egon ez gaitezen saiatzen da hiri-erritmoa. Eta ez dakit baden hori baino amorru handiagoa ematen didan ezer.
Burutazio hauei buruz idatzi ala ez erabakitzen ari nintzela, «Oihana!» esan du ahots ezagun batek. Salto eginarazi dit agurrak, neure gorputza paisaia urbanoan kokatu. Parekoari egin diodan irri txikiarekin egin dut Kontxara arteko bidea. Bertako banku batean eseri, itsasoari kasu pixka bat egin eta berehala ekin diot zutabea zirriborratzeari. «Zer egingo dut nik zurekin, ezagutzen dudan jendearen agurrak harritzeraino arroztu bazatzaizkit», izan da abiapuntua.