oihana arana

Kopilotuarena

2026ko apirilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Autoan gatoz Zarauztik etxera. Gero eta neureagoak dira bizikideen kotxeetako kopilotuen jarlekuak. Ez nabil oso zentratuta azken boladan, eta arriskutsuegia da egoera honetan gidatzea. Leku ederra da Oria ibaiaren itsasadarra. Oriotik Usurbilerako bidea. Nire errepide kuttunetako bat da, kuttunena izateko zera falta zaio: txirrindulariak etxera joatea. Leihotik begira egin dut bidea.

Kolore griseko eguna sortu da gaur. Handi dator ibaia. Hegaztiak ezkutatuta daude, lainoa urarekin berbetan. «Leku ederrien bizi gara, e». Esan dut. «Udazkena ematen du». Esan dit pisukideak ezkerretik. Arbola biluziei buruz pentsatzen egin dut etxerainoko bidea. Paisaia antzeko samarra da udazkenean eta udaberrian. Arrazoi du pisukideak. Inportantea da, hala ere, aurrean daukagunari tentuz begiratzea. Biluztea eta janztea, kanpotik behintzat, ez dira hain ekintza diferenteak. Baina beharrezkoa da parekoa itzaltzen-itzaltzen doan ala bere buruaren bertsio berri bat sortzeko ahaleginetan ari den ikusten jakitea. «Ez dau udazkena emuten», esan diot, «begittu ondo koloriei».

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA