Lekak egin ditut bazkaltzeko. Badakit ez dela sasoiko barazkia, baina sarriegi makurtzen naiz nire apeta merkeetara, barkatuko didazue. Amantala jantzi, etxaurreko egurrezko bankuan eseri, hanka bien artean palankana bat kokatu eta lekei bizarrak kentzen egon naiz labana zorrotz baten laguntzarekin. Gure amamak ere hala egiten zuen, gustatu egiten zait haren egiteko moduak nire eskuetan topatzea. «Lan eskasa da hau, baina asko igarten da gero diferentzia», esan diot pisukideari ni amamaren aldamenera joaten nintzen bezala neuregana etorri denean.
«Gure amamakin akordetan egon naz goizien» esan diot zer moduz nagoen galdetu didanean. Ez diot aipatu, baina Primi Erostarbe Itzalari Dantza liburua egon naiz irakurtzen; Itziar Ugartek idatzitakoa da, opari handia Arantzazuko amamarekin koplazaletu ginenontzat. «Gurozu berak kantetan zitxuen kopla batzuk kantetie?» esan diot horren partez. Eta han ibili gara, amama eta biok ibiltzen ginen moduan: «Nere maitia zer dezu/ kolore txarra daukazu/ kolore hori mudatzeko/ nerekin lo ein behar dezu».