Zaharra hil eta berria jaiotzeke dagoen tartea baldin bada krisia, badaramatza urte batzuk krisian Euskal Herriak. 2010.a ere badoa, eta mundua bukatzekoa zenetik ia beste hamar urte pasa dira. Espainiako telebista kate batek hamarkadaren errepasoa egin asmo duela ikusi dut. Eta iragarkian aipatzen diren esaldiek eman didate arreta: guztion memorian dauden uneak, denok gogoratzen ditugun esaldiak. Seguru nago espainolek gogoan dituzten esaldiak guk ere memorian txertatuta izango ditugula.
Ez da ariketa txarra. Akaso egin beharko luke baten batek antzekorik, ikuspegi nazional eta mundial batetik. Zein dira, ikuspegi horretatik, guztion memorian dauden uneak?
Eta hasi egin naiz, neure kasa, hemeroteka eta bestelako artxiboen laguntzarik gabe, zein une eta zein esaldi gogoratzen ditudan pentsatzen. Ez dira asko, egia esanda. Egia esanda, bat da, ondo gogoan dudana, eta ikuspegi nazional batetik mugarria iruditzen zaidana: Martxoaren 11ko atentatuak Madrilen. Luzea izan zen eguna, bakoitzak bere usteak dantzan eta fedeak zalantzan ikusi zituen, eta denok aldatu gintuen, batera edo bestera, egun horrek.
Egun horretan hil zen zaharra niretzat, eta berria jaiotzeko dago oraindik.
Krisian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu