Amantala jantzi dut etxeko arropen gainean. Oso gorputzaldi konkretua jartzen zait amantalaren botoiak lotzen ditudan aldiro. Ez dakit etxe sentsazioa den edo zer. Egunkari zahar bat eta esku-eskailera hartu eta banoa egongelara. Domeka goizetan baino ez zait okurritzen kristalak garbitzea plan posible bat denik.
Beste edozein txoko garbitzeko behar izaten dudan tartearen hirukoitza eskaintzen diet kristalei. Ez da lan makala markarik txikiena ere ez uzteko ahalegina egitea. Baina gustatu egiten zait. Bizitzako beste alderdi batzuetan halabeharrez alboratu behar izan dudan perfekzionismo guztia aktibatzen zait oinek eskailera ukitzen duten momentuan. Eta bertara igota egoten naiz bikaintasunetik gertu dagoen emaitza lortu artean.
Gutxienez bost pertsona pasatu dira gure etxe aurretik ni leihoetan egunkari orriekin zirkulutxoak egiten egon naizen tartean. Grazia egin dit niri buruz zer pentsatuko ote zuten irudikatzeak. Zuek nirea ezagutzen duzue honezkero, baina oro har ez gaude ohituta ezezagunen bertsiorik domestikoenak ikustera.