oihana arana

Lanalanalana (II)

2026ko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo liburutegian hartutako A falsa autónoma liburua ekarri dut ohera. Yolanda Castaño poeta galiziarrarena da. Uste dut merezi dudala paper apur bat egun osoa pantailaren aurrean pasatu eta gero. Paseatzeko gorde dudan ordubeteko tartea salbu, egun osoa pasatu dut lanean. «Agostuen oporrak hartu ahal izeteko da», errepikatu diot neure buruari hasperen bakoitzean.

«Zure nagusiari pare bat kontu esan gurako nizkioke», esaten dit beti lagun batek gaurkoaren antzeko egunetan. «Emuten dauena baino jatorraue da», esaten diot nik. Elkarrizketa horiek txantxatik zenbat duten pentsatzen ari nintzela iritsi naiz Ser a miña propia xefa izeneko poemara. Grazia egin dit egoerak. Egiari zor, ez zait bereziki ona iruditu. Liburua neurea balitz ez nuke poema arkatzez markatuko, baina mugitu dit zerbait, hor nonbait, urdailaren parean. Ziztada moduko bat sentitu dut Castaño bere buruari «mesedez, señora, mesedez/ hatsa geroratzen didazu» esaten irudikatzeak. Ez da ezer grabea izan, entzun gura ez ditugunak parez pare agertzen zaizkiguneko ziztada klase hori baino ez. Poesiak ezertarako balio ez duela esaten dute gero. Nire biharko alarma ordubete atzeratzea lortu du, behintzat.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA