Logelako leihoa ireki eta kanpora begira egon naiz apur batean. Eder dago etxaurreko gereziondoa. Negua isilik igaro eta gero, berriz hasi zait berbetan: tente ditu adarrak; puztu zaizkio kimuak ertzetan. «Banator!», esan dit. Badator udaberria. Hanka puntetan jaitsi naiz egurrezko eskailera zaharrean behera, goizegi da saltoka ibiltzeko, pisukideak lo daude oraindik. Ogia txigorgailuan sartu eta Loreak lehertuko zaizkio idatzi dut arkatzez, bart, sukaldeko mahaiaren gainean utzitako koadernoan. Zuhaitzak loreak botako dituela adierazteko lehertu hitza egokia den edo ez pentsatzen igaro dut ogiak salto egin arteko denbora. Dudakor nago ez ote den biolentoegia. Esaldia bere horretan uztea erabaki dut azkenean.
Lehertu hitza entzun eta aurri bihurtutako eraikinak, gizon boteretsuen abizenak, desagerrarazitako bizimoduak… datozkit burura. Poesia egiteko moduko berba gutxi. Halere, uste dut interesgarria dela lehertzea eta suntsitzea beti sinonimoak ez direla pentsatzea. Mundua txikitzeko lehertzen dira gauzak; baina tarteka, zorionez, edertzeko ere bai.