Aldaxkak pilatu zaizkit sukaldeko leihoaren ondoan. Handik eta hemendik ekarritako, honi eta hari eroritako, batak eta besteak oparitutako… sustrairik gabeko landare zatitxoak urez betetako kristalezko ontzi txikietan sartu eta han egoten dira, landatuak izateko ordua iritsi zaiela iruditzen zaidan arte. Horretara mugatzen da guraso izateko nire nahia.
Eguerdiko orduetan ematen die eguzkiak batez ere; orduan egoten naiz ni haiei begira-begira, zain. Eurak hazteko zain. Motela da prozesua, baina dirudiena baino indargarriagoa da moteltasunari so egotea. Ilusionatuta gerturatzen natzaie egunero; egun batetik bestera sustraiak haziko zaizkielako fede itsuarekin, izango diren landare ederrak zein leihotan ipiniko ditudan pentsatzen.
Hori da aldaxkek erakusten diguten gauzarik ederrena: leiho eder baten ondoan egonez gero nahikoa dela ur apur bat eta pazientzia apurka-apurka hazten joateko. Oxala denon etxeetan egongo balitz itxaropenarentzako leiho bat, landareen erritmora bizitzen irakatsiko diguna.