Proposatu zidatenean paralizatu egin nintzen. Nire bizitzako kaferik arraroena Txirristrako terrazan. Egun batzuk hartu nituen onartu ala ez erabakitzeko.
Nire susmoei buruz galdetu didan bakoitzari zerbait diferentea erantzun diot: Itxaro Borda, Jon Maia, Miren Agur Meabe.
Korrika bizi garen herritik pasatu zen egunean, bazkaltzeko elkartu ginen lagun batzuk. «Imajinatu gutako bat dela, nire ustez Oihana da», esan zuen bazkaltiar batek. Luzea izan zen osteko elkarrizketa. Aspaldi da ez nuela hain gaizki pasatzen. Negar apur bat egin nuen gero, lanera bidean. Amorrua, zirrara, beldurra, lasaitua… denak batera.
«Azkenien ez gara Bilbora fango», esan zidan amak asteartean. «Bai, fango zarie», esan nion, «ni naz». Urez bete zitzaizkion begiak. «Fango gare», esan zuen. Ez genuen berriz gaia aipatu.
Gure aita agurtu genuen egunean ostadar handi bat ikusi genuen zeruan. Domekan ere ikusi zuela esan zidan ahizpak. Negar egin genuen elkarrekin.
Gure aitak beti esaten zigun ez esateko gezurrik. Gezurrak ez duela ezertarako balio. Barkamena eskatzear egon naiz, baina sorpresa bat egiteko denean zilegiagoa da, ezta?