LER 190812. Horixe da Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik Artaxoako (Nafarroa) Ecofert Sansoaian SM enpresara bidalitako hondakinei oker jarritako kodea. Zubietan ez dute horrelakoak ekoizteko baimenik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasuneko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente Jose Ignacio Asensio ikertzen ari dira ingurumenaren aurkako delitu bat eta dokumentuen faltsutzea direla medio.
Ingurumenaren aurka zanpa-zanpa egiten dugun mundu honetan, Zigor Kodearen 326.1 artikulua urratzeko delituak larria behar du gero. Urduritu egin naiz atzo sagarraren pegatina organikora bota nuela oroitzean. Banekien gaizki ari nintzela, eta han joan zen. Eta kortxoa. Edukiontzi urdinera bota nuen. Bai, badakit marroikoa dela, barkatu, dena marroiarekin ez lotzearren egingo nuen, edo. Hor ibiliko da kartoi eta paper artean bere lekua ezin topatuta.
Zaborra zer bihurtzen den pentsatzen aritzen naiz batzuetan; Artaxoako plantara eramandako hondakinak nekazaritzako ongarri bihurtzen dituzte. Agian nire pegatina sagar bihurtuko da, eta kortxoa xanpain botila.