Hirurak sukaldean egon arte luzatu dut goiza goiko solairuan. Jakingo dute esna nagoela. Ezagutzen naute. Baina gero eta ohikoagoa da, goiza libre daukadan aldi gutxietan, goseak jaikitzera derrigortzen nauen arte ohean irakurtzen egotea. Ez dira larrituko.
Hanka puntetan ibili naiz, oinpean ibiltzen dugun egur zaharrak salatu ez nazan. Hori daukate etxe zaharrek: ezinezkoa da isiltasuna. Sekretuek ihes egiten dute txoko guztietatik.
Liburu bana utzi dut pisukideen oheetan. Leihoak eta oheak parez pare irekita dituzte. Eguna euren gelara sartzea gurako balute bezala. Ez dakit baden plazer handiagorik sortzen didan irudi domestikorik: goizeko argia egin gabeko oheetan etzanda, eta tartean, liburu bat. Gustatuko zaiela uste dudana.
Elkarrekin pasatzen dugun lehenengo liburuaren eguna da gaurkoa. Laster jakingo dute neure bertsio erromantikoena armairutik ateratzen dudan eguna dela. Ezer gertatu ez balitz bezala jaitsi ditut eskailerak, ohi dudan pauso geldoarekin. «Berandu zatoz!», esan dit harrikoa egiten ari zen pisukideak. «Bai, entretenirute egon naz liburuekin», esan dut. Ez da gezurra izan.