Gure amaren etxeko nire logelan egin dut lo aspaldiko partez. Iragana bizi da orain. Bertatik idazten dizuet gaur. Logela zuri bat da, inoiz izan dudan gelarik ederrena. Oraindik bat nator nire bertsio nerabeenak hartutako erabaki estetiko gehienekin. Beti da ideia ona hutsuneak lorez eta liburuz betetzea.
Ezker eskuaz maindire zuria laztantzen dut ohe honetan irakurri eta idatzi ditudan berba horiei guztiei buruz pentsatzen dudan bitartean. Ez naiz ausartu mesanotxean urteak geldi daramatzan liburu tontorraren gainean dagoen koadernoa irekitzera. Hobe da gauza batzuk betiko itxita mantentzea. Antzeko sentsazioa izaten dut kaxoi batzuekin ere. Hemengoek ere balio didatela jakin arren, neure etxetik ekartzen ditut barruko arropak eta liburuak. Hemen fosildu den intimitate hau guztia iraganarena da. Eta oraindik ez gara hain lagun onak.
Ohea txukun egin, ordenagailua motxilan sartu eta burua apur bat altxatuta agurtu dut gela. Supermerkatuan ikaskide ohiak bezala. Prest utzi dut dena. Etorkizuneko Oihanak zapaldu gabeko elurra zapaltzearen plazera sentitu dezan berriro.