Lainope zegoen, baina eguzki antza ateratzen zuenean, gozo egoten zen atarian. Tren geltokia geneukan errepidez beste aldean. Hasi Brinkolatik eta Irunera bitarteko herri guztiei eman nien, laguna bigarren garagardoa eskatzera joan zenean, etorkizuna bertan emateko arrazoi ezkuturen baten aukera; harrigarria egin zitzaidan nola egon daitekeen hain urrun berez hurbil dagoen herri bat, ikaragarria da nola egon daitekeen hurbilago Madril, edo Londres, edo Mexiko DF, Ordizia baino. Bigarren garagardoaren aparretan ito nituen pentsamendu hauek, eta adina hartu genuen hizpide, edo hobeto esanda, munduan denik eta gai bakarra: denbora. Larri nabilela, ez naizela hain gaztea, osasuna ere ez dudala lehengoa, beldur naizela, atzean geratzen ari ote naizen, erabaki okerra hartu ote dudan, etorkizuna ez ote den beti amildegi, iragana ez ote den beti pisuegi.
Etxerako autobusean, segituan bukatu zitzaidan liburua: ez neukan errealitatea esaten dioten egunerokotasun burugabe honi begiak iltzatu eta aurre egin beste erremediorik. Oroimenaren Lorategia ikusi nuen, Loiolako Erriberan. Metaforaren egokitasunak irria zidan ezpainetaratu: batere zaindu gabe ere, indartsu hazten dira belar txarrak.
Jira
Lorategia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu