Ez da gehiegi pentsatu behar norbere lore gustukoenak etxetik gertu edukitzea osasunarentzat onuragarria dela ondorioztatzeko. Horregatik hartu dut erabakia: onenak emanda zegoen landare zahar baten gorpuzkiak kendu eta tulipa horien erraboilak landatu ditut goizean goiz gure etxaurreko jardineran. Badakit eguraldiari, ilargiari eta beste hainbat konturi erreparatu behar zaiela halako kontuak egiteko; baina okurritzen zaidanean eta gehiegi pentsatu gabe egiten ditut nik normalean. Inportantea da noizbehinka norbere intuizioekin fidatzea ere.
«Udaberrira arte ez da ezer agertuko, baina ni pozik nau urtengo dielako esperantzia eukitxiakin bakarrik». Esan diot gosaltzera jaitsi berritan eskuak lurrez beteta harrapatu nauen pisukideari. Kafea eskaini didanerako, lur lehorraren gainera ura isurtzen nengoen ni. Une horretan bertan izan da. Orduan sortu da gaurko zutabea.
Ez zaizue grabea iruditzen horitutako zuhaitzen ederrari so egon ordez, hemen, udazken betean, udaberriari loreak eskatzen egotea?