Furgonetan aldatzeko arropak eta lo-zakua hartuta Zaldibarrerantz abiatu nintzen bariku arratsaldean, Euskal Herriko Gazte Feministek Feminismoa lubaki lelopean antolatutako baterajotzera. «Guk ja ez daukou kanpin dendan lo itxeko edaderik!», esan nion eurenean lekua zegoela esan zidan kide bati.
Lubaki hitzari buruz pentsatzen egin nuen ia ordubeteko bidea. Beti nahasten naiz aspaldi entzun gabeko berbekin. Umea nintzenean ezagutu nuen: Elgetan. Poemetan irakurri nuen gero, historiako klaseetan ulertu nuen zer esan nahi zuen benetan. Sekula ez zait askorik gustatu; interesgarria iruditzen zait, halere, berba belikoak berresanahitzeko ahalegina.
Espero baino errazago aparkatu, egin beharrekoak egin, eta Gutxi irabazi dugula dioena gezurretan ari da izeneko mahai-inguru zentralean topatu nintzen lagunekin. Euskal feminismoaren genealogia ederra eskaini ziguten hizlariek. Eta asteburu osoko egitarauko beste hainbat kontu ere azpimarragarriak iruditu zaizkidan arren, bereziki ona iruditu zitzaidan hasiera. Ezin dugu ahaztu aurrera doazen bideak iraganetik datozela beti.