Macronen gobernuak Les soulèvements de la terre legez kanpo utzi izanaz idatzi ez idatzi erabakitzera eseri naiz, telebista jarrita dudala, eta hara non, informazioa eta entretenimendua (edo morboa esan beharko nuke?) elkartzen duen saio horietako batean, ikusi dudan Cadiz probintziako portu batean itsasontzi erraldoi bat atxiki dutela, poliziak kokaina karga handia eraman dezakeen susmopean. Kolonbiatik Egiptorako bidean zen eta 16.000 behi bizidun garraiatzen ditu. Oporraldietarako, atsegin bidaietarako, iragartzen duten gurutzontzi baten itxura osoa du, ikuspegidun gelen ordez milaka behitegi ñimiñoak. Irudi itogarriak.
Bi notiziek ez dute zerikusirik. Baina ni bietaz gaur enteratu naiz. Enteratu edo informatu behar izan naiz. Hego Amerikatik Ipar Afrikara okela esportatzen dela ez jakitea (edo ezikusia egitea) miresgarria da? Ez dakit. Behin hori normaltzat jota, animaliak bizirik garraiatzea errentagarriagoa delako logika ere onartzeko prest egon gaitezke, horrek dakarren izugarrikeria ontzat emanez.
Zenbat gauza ez dakigun. Zenbat gauza dugun egiteke. Zoritxarrez, denbora joan ahala, zerrenda, txikitu ordez, handitzera jotzen ari da. Areago Lurraren altxamenduak bezalakorik gabe.

JIRA
Lurraren altxamenduak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak