Lurra lurra da, handik hasten da jendea bizitzen, Lurra lurra da, han amaitzen du. Bitartean lurra zapaltzen du, lur bat behar du bere pozarentzat, lur bat bere minarentzat, lurrari lotuta bizi da, bere heriotza irudikatzen duenean lurra ikusten du, bere aldean asko irauten, beste jende bati ematen bizitzen hasteko lurra, lurra bizidunentzat, lurra lantzen duenarentzat, jendeak lurra sentitzen du hankapean, belarra, lokatza, galipota, lur ematen dio hildakoei, lurraren gainean etzaten da, igeri egiten du itsasoan, itsasoa ere lurra da, Lurra lurra da, lurra ez da mugitzen.
Jendea mugitzen da, lainoak mugitzen dira, lurra ez da mugitzen, ez bada dardaraz, ez bada ikaraz, ez bada gehiago ezin eta lehertu egiten delako, sua dariolako zuldarretik, ez bada kolpetik, ez bada amorruz, lurra ez da mugitzen.
Lurrik ez du jendeak ordea, lurrik ez, airean bizi da eta airetik, sateliteetatik zintzilik bizi da, bere hanka azpian duen lurrari asko erreparatu gabe, gainetik bizi da, ia ez du ukitzen, lurra zikina da, lurra lakarra da, lurrak nekatu egiten du, min ematen du lurrak, lur jota uzten zaitu, eta hala ere, oinez ibiltzea da kapitalismoak bereganatu ezin izan duen ekintza bakanetarikoa.

Jira
Lurrik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu