Espero nuen baino azkarrago heldu da Gabon gaua aurten ere. Ez nago prest. Gero eta urte gehiago izan, orduan eta laburragoa dirudi urteak. Bertigoa ematen dit horren gaineko kontzientzia hartu izanak. Baina hala da. Garrantzia du edadeak: bestela biziko nituzke gabonak begiak itxi eta hor nonbait neure buruaren bertsio mini bat topatzeko gai izango banintz; azpiko bi ebakortzak erorita Lacasitosdun turroia jaten ari den ume irribarretsu bat, adibidez.
Minak metatzen zaizkigu urteekin batera. Absentziak, oroitzapenak, frustrazioak, kontzientzia hartzeak. Turroiak ez du itzulera gusturik. Autobus enpresen iragarkiak ez dira akordatzen nora itzuli ez daukaten pertsonekin; itzuli ahal izateko euren burua berriz armairura sartu behar dutenekin.
Horregatik gorroto ditut Gabonak, akaso: sekula ez garelako Olentzerok Playmobilen piraten barku handi hura ekarri zigun urtean bezain zoriontsu izango. Eta, hala ere, hemen nago, jaioterrira bidean, magia horrek guztiak inbadituko nauelako itxaropenarekin.