Autoa aparkatu eta zain egon behar izan dut apur batean. Espero baino beranduago etorri da kotxean garraiatu behar nuen laguna. Barruan mugikorrari so itxoitea baino ideia hobea iruditu zait banku bat topatzea, ahal zela eguzkitan zegoen banku bat. Magnolia handi baten parean topatu dut lekua. Asko eskertu dut lagunaren atzerapena. Bestela ez nintzatekeen hemen egongo, begiak loreetan iltzatuta, eskuak izterren gainean jarrita. Geldi egon ezean zaila da pentsatzea. Edo geldo ibili ezean, behintzat. Koadernoa atera dut burutazioak zirriborratzeko.
Usurbilen, 2026ko martxuen. Magnoliue da loratzen dan lehenengo arbolie? Ez dakit noiztik dakidan arbolien izena. Gauza haundixe da neguen loratzeko kapaz izetie. Oso kursi ipintten zara loriei buruz idazten dozunien. Loriek kursixek die?
«Zertan ari zara? Orain ere lanean?», esan dit lagunak espaloiaren beste aldetik. Zerbait gordeko banu bezala itxi dut koadernoa, sekretua ez izateko azkarregi. «Keba… apunte tonto batzuk baino ez die». Ez zaio erantzuna gustatu. Aurpegian igarri diot. Besotik heldu, eta «zuk badakitzu ze arbola dan pareko hau?», esan dut. Azken ordu laurdena gauza inportanteak pentsatzen igaro izan banu lez.