Lagunaren ahotik entzun nuen arte ohartu gabe nengoen hitz kuriosoa zela: manifestatu. «Manifestaziora joan» erabili izan dut, aldarrikatu, salatu ere bai, baina «manifestatu» esaten zaila egiten zait. Latineko manifestare hitzetik omen dator, eta eskua (manus) eta festa (festus) ditu erroan; eskuaren festa da manifestatzea.
Kontua da lagunak esan zidala goizero hasi dela erritual bat praktikatzen: eskertzeak egiten dituela, arnasketak, meditazioa, eta ondoren egun on bat irudikatzen duela, egun on bat manifestatu. Berari mesede egin omen dio goiza horrela hasteak, barne elkarrizketa jator bat izateak, eta zientifikoki frogatuta omen dago eragin positiboa duela. Niri ere atera izan zaizkit horrelako bideoak, eta egin izan ditut antzerako erritualak. Uste dut ez dela sineste kontua; balio dizute edo ez. Mark Fisherrek boluntarismo magikoa deitzen zion sineste honi: «Ahalegintzen bazara, gertatuko da». Kuriosoa da, ordea, eskuaren festak hartu duen esanahia: egun gehiago manifestatzen gara kandelen bidez, eta kaleak su hartzeari utzi dio.