Norbere logelan paper zaharren bila ibiltzeko tartea hartu, pijama jantzi eta egongelara jaitsi ginen pisukideok bart. Argi txikia piztu eta mantapean sartu genituen hotzak uzkurtutako gorputzak. Koadernoak, kutxatxoak, gutun azalak… atera genituen mantaren gainera.
Aspaldiko maitasun gutunak erakutsi genizkion elkarri. Ahots gora irakurri genituen lagunek, bikotekideek, maitaleek, lankideek idatzi izan dizkiguten berbak; baita guk eurei idatzitakoak ere. Barrez lehertu ginen tarteka; baita esku biekin aurpegia estali behar izateraino lotsatu ere. Isilik geratu ginen beste batzuetan; beti dira arraroak zauri zaharrek min berriekin topo egiten duten momentuak. Ispilu interesgarriak dira berba zaharrak. Geure buruei buruz esaten ez ditugun denak gordetzen dituzte.
Gure bertsio nerabeenei besarkatuta lokartu ginen, gero. Egongelako mahaian geratu ziren paperak. Promes usaina itxi usainarekin nahastuta. Goizean jaiki eta ostera ere gorde ditugu bakoitzak bere paperak logelako txoko ezkuturen batean.