Bekarrak garbitu, txandala jantzi eta banoa ortuko azken tomateei kasu apur bat egitera. Irailak ez dit hain erraz lapurtuko armosua gertatu aurreko erritualtxoa. Leihotik begira jan ditut tostadak. Zutik gosaltzen dut bakarrik nagoenean.
Eskuak garbitu aurretik piztu dut ordenagailua. Grazia apur bat egin dit teklei tomate gustua emateko ahalegin xumeak. Lanera eseri baino lehen garbitu ditut haginak eta eskuak. Beti egiten dut hala. Haginak eta eskuak. Horiek dira gure lanabesak. «Probau biherko neuke esku zikinekin idaztien zera hori be», pentsatu dut neure artean. Konturatu orduko pasatu zait goiza. Abuztuan prokrastinatu dudan email zaparradaren ardura izan da seguruenik. «Zer moduz doa lehenengo eguna?», esan dit pisukideak bulegoko atetik burua sartuta; «Arrozaren aurretik tomate apur bat jarriko dut, bale?». Baietz egin diot buruarekin. «Itxoin e, esaldixe bukatu eta banoie ni be sukaldera», klasikoa bota diot bueltan.
Bazkaldu eta gero amaitu dut zutabea. Poza ematen dit goiza lanean pasatu arren udara amaitu ez delako ziurtasun hau izateak. Badakit masustak agindu nizkizuela, baina hobeak dira tomateak, ala?