oihana arana

Mazedonia

2026ko uztailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit noiz bihurtu zen ohitura, baina aski da udara hastea nik hozkailuan mazedoniaz betetako ontzi bat izateko. Aurretik zegoena amaitu orduko egiten dut beste bat, eta horrela ibiltzen naiz fruta saltzaileak brinoiak ekartzeari uzten dion arte. Udarea, kiwia, brinoia eta laranja nahasten ditut beti; dendan dagoenaren arabera moldatzen ditut gainontzeko osagaiak. Erraza da errezeta: frutak labana zorrotzarekin zuritzea, zatitxotan moztea eta zatiak ontzi polit batean txukun-txukun jarrita daudenean zatien gainera laranja baten zukua isurtzea baino ez da. Egin egin behar da, ordea.

Gauza handia da hozkailura postre bila joan eta ontzia beteta topatzea, bestela frutarik jango ez luketen pisukideei fruta jateko gogoa piztea, edo etxera datorrenari merienda goxoa eskaini ahal izatea. Ekintza xumea da, berez. Letxuga beti garbituta eta zatituta gordetzearen parekoa. Baina bizitza errazten duen keinu klase hori da. Eta, egiari zor, nik horixe baino ez dut desio: gurera datorren jendeari —eta neure buruari— etorkizun hurbila edertzeko gai izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA