Nerabetu arte literetan egin genuen lo ahizpak eta biok. Berak beti behekoan eta beti goikoan nik. Horrek zera esan nahi du: mesanotxerik izan gabe bizitzen ikasi nuela. Ura behar banuen, ohetik sukaldera joan eta bertan uzten nuen edalontzia. Lokartu aurretik irakurtzeko gogoa banuen, liburuarekin batera egiten nuen lo. Eta burkoaren azpian gordetzen nituen gauean zehar beharko nituen mukizapiak eta bestelako kontuak. Agian horregatik pentsatu izan dut beti mesanotxea helduen gauza bat dela.
Nik hona bizitzera etorri nintzen arte ez dut sekula mesanotxerik izan. Hona etortzeko erosi nuen; markako xanpuak eta aurpegirako krema onak erosten hasi nintzen garai berean. Ipini nuen egunean bertan deskubritu nuen altzariaren erabilgarritasuna. Konturatu orduko pilatzen zaizkit orain eztularentzako karameluak, intsektuen ziztadak goxatzeko ukendua, edalontziak, mukizapiak, betaurrekoak, aurikularrak, liburuak… mahaitxoan.
Objektu multzoa ikusi eta gauero hankatxoak metalezko eskailera hotz hartan ipintzen zituen Oihanarekin akordatzen naiz orain. Lo egin ahal izateko logura izatea aski zela uste zuen harekin.