Gure aita hil zenean hasi nintzen dolu hitza erabiltzen. Gure amari minbizia diagnostikatu ziotenean utzi nion dolu hitza erabiltzeari. Berba konkretuagoak erabiltzen ditut orain; min eta poz esaten dut orain. Interesgarriagoak zaizkit kategoria analitiko gisa, eta baita besteei neure gorputzaldiaren berri emateko garaian ere.
Arriskutsua iruditzen zait dolu hitza, alde batetik, daukan karga historikoagatik, eta bakardadearekin, isiltasunarekin eta barne prozesuekin lotzen dudalako etengabe. Eta, bestalde, hasi eta amaitu egiten den bide bat delako fantasia faltsuarekin bizitzera naramalako.
Mina eta poza ez dira bide bat. Momentuak dira. Aitak esaten zuen berba batekin akordatzen ez naizelako, mina. Ahizpari entzun diodalako, poza. Gure amak botikak hartzen jarraitu behar duelako, mina. Iaz gaurko egunez zegoena baino ehun aldiz hobeto dagoelako, poza.
Poza mina baino errazago kolektibizatzen da. Baina min kolektiboak poza ere sor dezakeenez, existitzen dira mina ospatzeko guneak ere. Sinisten ez baduzue, etorri gaur Iñurri elkarteko kideekin batera Usurbilgo Dema plazara. Nik badakit zer topatuko duzuen: inurritegi erraldoi bat eta minaren eta pozaren arteko zera hori.