Sukaldeko besaulkian eseri naiz. Ez dago gure egunerokotasunari begiratzeko txoko aproposagorik. Poltsa beroa sartu dut jertsearen eta kamisetaren artera. Aspaldi ez moduko bizkarreko mina daukat. Arinduko ahal dit beroak. Nekeari bota diot errua. Ohean irakurtzean eta sofatik lan egitean izaten ditudan postura txar guztiek eraginik izango ez balute bezala. Amamaren etxekoa zen koadrodun manta gorri batekin tapatu ditut belaunak eta oinak. Ez du hotzik egiten, baina beti da goxoagoa mantapea. Buruari atzerantz erortzen utzi eta begiak ixtea izan da hurrengo pausoa.
Amama topatu dut sukaldean. Bere betiko banketatxoan zegoen eserita. Labana txiki batekin ras-ras-ras patatak zuritzen. Zertan ibili den galdetu diot, honetaz eta hartaz aritu gara berbetan. «Datorren urtien zu be etxerako» esan dit patatak garbitu eta zatitu ditudalako.
Bizkarreko min handiagoa neukan ostera ere begiak zabaldu ditudanean. «Biolentue da gero amets ederretatik esnatzie» pentsatu dut. Sudurreraino igo dut manta, iraganeko usainen baten bila edo. Eta han erori dira: malko bat, bi malko manta zaharraren gainera.