Ingalaterrako erreginaren senar adinean sartuxeari aldakan ebakuntza egin zioten joan den astean. Banana usaina etorri zait aurrekoa idaztean, gogoratu baitzait gure aitona ospitaleratu zutenean amonak logelako armairuan (ospitaleko menua osatzeko) gordetako banana sortatxoa. Ez dut uste Felipe Edinburgoko dukearen logelak banana usaina izanen duenik.
Haien biloba bat, James, Edward printzearen hamar urteko semea, familiako Land Roverra gidatzen harrapatu dute paparazziek.
Nafarroako bideen barna, ez noranahiko batean, oinez baizik, igaro dira Belgikako errege-erreginak, begi hutsez inork ez bereizteko moduan jantzi eta hornituak. Egunkariko argazkian segizioko batek banana azal bat eskuan duenez, laƱotzat hartzeko tentazioa izan dut, harik eta, aterpeetan gelditu gabe, gauero Eskuernagako hotel hautu batean lo egiten dutela irakurri dudan arte.
Espainiako bi erreginen arteko talka notizia izan da (beste aldaka ebakuntza arrakastatsu batekin batera). Amaginarreba-errainen arteko tirabirak humanizatu ote dituen hasi dira telebistan. Nik gauza bakarra dut argi, nongoak ere baitira, monarkiak humanizatzeko modu bakarra bururatzen zaidala niri, ebakuntzen eta bananen gainetik: jargoitik kentzea guztiak.
JIRA
Monarkiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu