Bazkaldu eta ordu erdiz desagertzeko gogoa sartzen zait batzuetan. Lo arina izaten da siesta garaikoa; beharrezkoa, hala ere. Poltsa beroa besarkatu eta begi biak ixteko puntuan nengoenean gertatu da: gure etxe ondoko larrean motozerra jarri du martxan norbaitek. Gauza gutxik amorrarazten naute siesta egin nahi eta ezin izateak baino gehiago.
Amorrua ahalik eta arinen kudeatze aldera, ohetik salto egin eta leihora gerturatu naiz erruduna zein den ikustera. Ez dakit zer espero nuen, baina hau ez: hara non topatu ditudan enbor handi-handi baten aurrean bi lagun. Egurra mozten bata eta begira bestea. «Eskultura bat da», esan dit pisukideak bere leihotik: «Artista argibideak ematen ari da eta artisaua jardunean, zure ustez nor ari da eskultura egiten?».
Pisukidea agurtu, tapoiak jarri eta berriz ohera sartu naizen arren, ezin izan dut lorik egin. Erantzuteko gai ez naizen galdera zerrenda amaiezin batek inbaditu du nire gela. Ezetz esaten dute, baina arteak inplikazio errealak ditu jendearen bizitzetan.