oihana arana

Mozoloa

2025eko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nekatua eta berandu iritsi nintzen atzo ere etxera. Umea nintzenean lo plantak egiten nituen beti halakoetan, kotxetik ohera besoetan eraman nintzaten. Gauza bera egingo nukeen atzo ere gidariaren eserlekuan ez banengo: begiak itxi, burua leihoaren kontra bermatu eta egon. Poliki-poliki etorri nintzen etxera arte, gustuko dudan musikari baten diskoa baxu-baxu jarrita, xuxurlaka kantatzeak esna mantentzen lagunduko balu bezala.

Zelaian etzanda topatu nituen behiak; ardiak etxola barrura sartuta; hara eta hona katuak; etxe guztietako argiak itzalita zeuden honezkero. Animalia guztiak agurtu eta zuhaizti txiki bat gurutzatu behar da auzora iristeko. Hantxe topatu nuen: errepidearen erdian geldi-geldi, mozoloa. Kotxea gelditu, argiak itzali eta zain egon nintzen, burua leihoaren kontra bermatuta, hari begira-begira.

Burua biratu zuenean harritu ninduen gehien. Begi beltz-beltzak aurpegi zuriaren erdian. Jauzi txiki bat egin eta segituan hegaldatu zen, gure etxeko norantzan. Besoetan hartu eta ohera eraman nahiko banindu bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.