oihana arana

Mozorroa

2026ko otsailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Umetan asko maite nituen, baina nerabezaroaz geroztik uste dut ez zaizkidala inauteriak gustatzen. Urduri ipintzen naiz. Ez dut jakiten oso ondo zelan jokatu. Mozorrorik gabe irteten banaiz, lotsa. Gehiegi mozorrotuz gero, lotsa. Jendea mozorrotuta ikusteak, lotsa. Gizonak emakume, kuadrillak tribu, zuriak blackfacea egiten… ikusiz gero, haserrea. Baten batek nire mozorroa edo mozorrorik eza juzgatzen badu, haserrea. Auto eta auzolotsa gehiegi, auto eta auzohaserre gehiegi gauza onerako. Ihes egiteko joera izaten dut normalean. Kanpora joan edo etxean geratu. Ihes egiteko manera biak probatu izan ditut; urtearen arabera bata ala bestea.

Ohean neure alderdi arrazionalenaren kontra apur batean borrokatu eta gero, aurten mozorrotu egingo naizela erabaki dut azkenean. Eta hor hasi naiz pisukideen armairuetan aztarrika: zapia hartu diot bati, alkandora besteari, hirugarrenari zapatak. Ez dakit nor den sortu dudan pertsonaia, baina uste dut on egingo didala egun bakar batez bada ere OihanaArana ez den norbait izatera jolasteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA