Gogoratzen zarete Donald Trumpek teorian mundu ordena berria ekarriko omen zuenean, protekzionismoaren izenean, kanpora begira egoteari utziko ziolako eta beste herrialdeetan esku hartuko ez zuelako? Ez da hain aspaldi. Eta egia da iritsi eta TTIP hitzarmen komertziala bertan behera utzi zuela, hainbat gerratetatik atera zituela (metafora batekin esatearren) arrano buruzuriaren atzaparrak. Halere, denborarekin, horrekin bakarrik betikora jo du presidente gorbata-gorriak. Aliantza berriak, bitxiak, bilatu ditu, bai, lehengoak lehertuta, baina, ibili eta buelta, venezuelar petrolioa enpresa adiskideek ustiatzeko kontratuak prest ditu, ordu erdian presidente aitortutako Juan Guaidoren sinaduraren zain, AEBetako edozein presidentek eginen lukeen modu berean, nazioarteko babes ia berberekin.
Mundu ordena berria zaharren peto-petoa da, baina lasterragotua, hots, galbidera azkarrago garamatzalako iduripen handiagoarekin, bizi garen mundu presatu honen paradigmari bikain erantzunez. Nire inguruan nabaritzen dudan alde nagusia da, batzuek honek guztiak nolabaiteko errebultsibotzat balio duela uste duten bitartean, beste batzuok inolako presarik ez dugula ordena berriago honen zahar itxura egiaztatzeko.

JIRA
Mundu ordena berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu