Poemak irakurtzeko gogoa neukan. Erraz asetzeko modukoak izaten dira nire apeta gehienak. Itziar Agirre Sagasetaren Honekin egin nahi duzuna liburua hartu dut trenerako. Asko gustatu zait.
Erantzukizuna izeneko poema izan da arkatzez azpimarratu dudan lehenengoa. «Istorio bat norena den,/ bizitu duenarena/ idatzi duenarena/ leitzen duenarena» zioen poema zatia irakurri, liburua itxi eta horri buruz pentsatzen egon naiz apur batean. Ondorio garbi samar bat atera dut geltokitik geltokirako tarte laburrean. Istorioek ez dute jabe bakarra eta horregatik egiten du bakoitzak ahal duena daukanarekin. Orduan gertatu da, orduan hartu dut liburuaren izenburuaren egokitasunaren gaineko kontzientzia.
Maitale ohi bati eszena konkretu bat idazteko baimena eskatu nionean eman zidan erantzunarekin akordatu naiz segituan: «Egin nahi duzuna, bizipena zurea ere bada». Arrazoia zeukan. Eta asko eskertu nion hain erantzun logikoa, horri esker utzi nion idazteko baimena eskatzeari. Orain poemak bidaltzen ditut zuzenean. Kontesturik barik. Gaurtik aurrera «Honekin egin nahi duzuna» dioen mezu batekin batera bidaliko ditudala uste dut. Ea zer datorkidan bueltan.