Elizaren hiztegia ahotan darabilgu. Feijook ere alderdiaren kongresuari «PPren konklabea» deitu dio. Ez dakit ondo zer iragarri nahi duen, konklabea buruzagia hil ondorengo hautaketa baita. Baina ez da hori bakarrik. Agian, konklabearen berezitasun nagusia bertan gertatzen dena bertan gelditzea da, eta hori da Kapera Sistinora bertaratuek zin egiten dutena. Kristautasunaren balio diren sakrifizioaren, leialtasunaren edo arduraren erakusle dela dirudi, baina konklabea anbizioaren, labankaden eta estrategiaren errituala ere bada.
Ordea, niri iruditzen zait konklabearen arauok beste esparru batzuetan ere betetzen direla, eta inpresio hori izaten dut sindikatuen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko bilerekin. Azkena, hezkuntza publikoko akordioarekin. Lan itun berria adostu da irakasleentzat, eta sindikatu guztiek izenpetu dute, ELAk izan ezik. Ordura arteko bileren ondorengo adierazpenetan baina «eduki nahikorik eza», «itxurakeriatan aritzea» edo «borondate falta» salatu dira, eta ez da komunikatu zer den proposatutakoa, non dauden desadostasunik handienak, zein diren gutxienekoak. Ulertzen dut kontuz ibili behar dela halakoetan, baina nik gustura jakingo nituzke negoziazio horien nolabaiteko nondik norakoak. Aleluiak eta amen-ak baino nahiago «hemen hau gertatu da» entzun.