oihana arana

Nekea (II)

2026ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit zer gertatzen zaidan azkenaldian. Arazorik gabe lokartu arren, goiza iritsi eta nekatuta iratzartzen daramatzat bi aste edo. Sentsazio arraroa da, lo gutxiegi egiten dudaneko berbera. Begiak astun izaten ditut eta masailezurra estu. Buruko min apur bat ere bai. Gaixotzen ari nintzela pentsatu nuen hasieran. Baina bestelako sintomarik igarri ez dudanez, ez diot garrantzi handirik eman.

Domeka goizez ere nekatuta esnatu naizenean kezkatu naiz benetan. «Ez dakitt zer pasetan jaten, baina oso-oso kantzauta iratzarri naz gaur be… Astruen zerbaitt izengo da», esan dut kafe usaineko sukaldean neure burua lasaitu guran. «Astroak?», esan dit pisukideak. «Lan gutxiago, hori da zuk egin behar duzuna». Barre egin dut arrazoia eman diodan ala apur bat haserretu naizen ez ulertzeko moduan. «Gaur ez dauket ordenadorie pizteko asmorik», esan dut.

Bakarrik geratu naiz ogia noiz txigortuko zain. Leihotik ikusten diren berde tonu guztiei adi. «Igual pasietiek on eingotzu», esan diot neure buruari. Baina ez dakit ihes egin ahal izango diodan gosaldu eta ostera ere gorputza oheari emateko tentazio nerabeari.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA