Zaila da nahi duzuna esatea. Sinplea dirudi, baina ez da erraza. Mari Luz Estebani entzuna da gauza gehiegiri deitzen diogula «maitasuna». Maite ditugu gure bazterrak, maite uda, maite patata tortilla. Patata tortilla maite duela dioenak ez ote du amodiorik sentituko lursagar arrautzopilagatik. Sinonimoak, gehienean, ez dira esanahi berberekoak. Eta zenbat eta sinonimo gutxiago, orduan eta hitz multinazional gehiago. Hori zen George Orwellen 1984 nobelako Syme filologoaren teoria. Alderdiarentzat egiten zuen lan filologoak, eta hizkuntzaren gaineko kontrolerako hizkera berria ari ziren sortzen, hizkera zaharra suntsitzen, batez ere «hausnarketa okerrerako» bide izaten zitezkeen hitzak. Zenbat eta hitz gutxiago, lotuago jendartea, eta akabo «pentsamendu krimena».
Azpeitian asteburuan gazte bat «pintada» bat egiten ari zela esan da. Arkatzez edukiontzi batean «acab» idaztea ez da «pintada» bat. Gazte talde batek udaltzaingoaren bulegoetara jotzea, ez da «polizia etxeari erasotzea». Gertakarian soilik «bi ertzain arin zauritu» zirela esatea, jipoitutako gazteak kontuan hartu gabe, «hausnarketa okerrerako» bide da. Daitort, baina, zabaltzen ari den hitz multinazional bat gustatzen zaidala: udaltzainei zein ertzainei polizia deitzea.